XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baztan.

Euskal alorrean badugu zer eginik eta lantegi hortan sartuak direnak beti kezkatan gure lili baratzean lapatin eta barrabas belarrak nausitu ez daitezen.

Gure eskualdean ere gazteriak baditu kezkak eta bai euskal alorrean suharki lotu ere gaueskolako lanetan.

Aurtengo kurtsoan ere ari gara euskarazko klaseak ematen eta iaz eta aintzineko urtetan bezala aurtengo ikaskaiak ere lau mailatan bereziak ditugu eta gisa huntan: Deusere ez dakitenak, pixka bat dakitenak, erdi euskaldunak eta euskaldunak.

Geure Baztan huntan gazteen artean baditugu euskaraz ongi dakitenak eta euskal kulturan saiatu ezkero idazle eta irakasle onak atera daitezkeenak.

Lotsagarria baldin bada ere, erran dezadan, gure herrian Euskal Herri guzian bezala aunitz eta aunitz gazte eta haur badirela euskaraz hitzik ere ez dakitenak, baina hoiek ez dute errurik.

Nik uste gure herrian euskara egona dela orain baino makurrago, eta badirudi azkenengo urte hauetan pixkan-bat ernatu egin dela, herria haundituz baitoa euskaldun jendeez hornituz, baserrietatik eta Baztango bertze herrietatik ere jende aunitz etorri baita Elizondora bizitzera.

Baina indarrik haundiena ikastolak ematen dio.

Zazpi kurso eginak ditugu eta aurtengoarekin zortzigarrena.

Aurrerapenak nabari dira eta gauzak bide onetik doaz.

Gure ikastola bakarrik ez da aski eta behar genduke bertze eskola haundietan, Baztango eskola bateratuetan elegia, euskara ere sar dadin.

Horrela egiten ez bada euskarari ostiko maltzurra emanen zaio, zeren orain gertatzen dena hagitz kaltegarri baita, haur euskaldun garbiak baserritik eta bertze herri ttipietatik etorriak zuzen zuzenean eskola haundian sartzen baitituzte eta jakina, euskarari lekurik ematen ez bazaio gureak egin du.

Baina horrengatik ez etsi eta segi aurrera, gure etorkizunari itxaropen haundiarekin begiratu diezaiogun eta Herriak nahi badu gaintasun hori ere erdietsiko da.

Euskara nafartarren egiazko mintzaira, erromanoak honara etorri baino lehenagokoa, erromantze, latin eta erdara guziak baino zaharragokoa, gurea, nafartarrena eta Euskal Herrikoa.

Nafartarren mintzairan erran dezagun: NAFARROA EUSKAL HERRIA DA, NAFARROA EUSKADI DA, eta bertze sei haurrideekin batean geure HERRIA osatu dezagun denak bat eginik.

Baigorri Nafarroa da eta Muskaria eta Biana ere.

Jatsu eta Xabier ere bai.

Zer erranen dugu Baztan eta Urepelez, Sara eta Zugarramurdiz eta Luzaide eta Arnegiz, denak nafartarrak eta Euskal Herrikoak baitira.

Eta hori horrela izanik, nola erran daiteke.

El Cordobes gure compatriota dela eta Aldudeko Piarres estranjeroa?.

Xalbador zenaren urtebetetzean, Urepelen elkartu ginen lurralde guzietako euskaldun jendeak eta bai solasaldi ederrak egin ere, anaien arteko elkartasun horrek aunitz balio baitu.

Iruiñeko nafartar zintzo bat horrela mintzatu zitzaigun: Be-Nafarroa, behar luke deputatu edo ordezkari bat Nafarroako Diputazionean, hori eskatu behar da.

Noiz ikusiko ote dugu Batasun hori? Ikus dezagun Nafarroari buruz Xalbador zenak zer zion.

Goizean jeiki ohetik eta non nagon eginik galde, diot:
Aurrean Baztan daukazu, gibelean Erro alde,
ezkerretarat Eugi herria, eskuin alderat Luzaide,
zure guziak Nafarroaren hegalen azpian daude
.

Ene sortzeko agerietan ni naiz baxenafartarra
titulu horrek lehen hitzean galtzen du bere indarra
ni beheretar zendako deitu, nerez bainaiz orotarra?.
Goi eta baherik ez da enetzat, Nafarro bat da bakarra
.

Mariano Izeta.